Hezkuntza proiektua

Egun indarrean den Seaskaren Hezkuntza proiektua 1995ean adosturikoa da. Geroztik ekarpen ezberdinak erantsi zaizkio, errate baterako hizkuntza xarta ala elkarbizitza plana. Haatik, Seaskak egin duen bidea eta jendartean gertatu diren sakoneko aldaketak aintzat hartuz, Hezkuntza xedea eguneratzeko beharra agerikoa da. Garai eta erronka berrietara egokitu behar dugu. 

Ikastolak hezkuntza eta hizkuntza uztartzeko hautuaren emaitza dira. Eta egun ere, hezkuntza eta hizkuntza elgarri josiak dira, batak bestea indartzen baitu. 

Bost hamarkadako ibilbide oparoa du Seaskak. Tarte horretan, mugarri sendoak ezarri ditu hezkuntzan eta irakaskuntzan. Ez gira beraz hutsetik abiatzen. 

2021eko ekainan bildu zen Ikastolen Kontseiluak hezkuntza erdigunean ezarri eta Hezkuntza Proiektua berrikusteko beharra azpimarratu ondotik, 2021eko udazkenean Seaskaren hezkuntza zuzendaritzak Hezkuntza Proiektua berrikusteko gogoetaldia abiatzea proposatu zuen. 

Hala, Seaskako komunitatea osatzen duten guztiekin diagnostikoa egin da eta Seaskaren Hezkuntza proiektuaren oinarriak zehazteko gogoeta abiatu da. Gogoeta horren gauzatzeko, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak euskal kurrikulumaren baitan pertsona eredua zehazteko baliatu duen tresna hartu da oinarri gisa, eta gure beharretara egokitu. Tresna bera bezain inportantea iruditzen zaigu, Ikastoletan eta Seaskaren hezkuntza komunitate osoan gogoeta abiaraztea, hezkuntza erdigunean ezarriz. 

Seaskak eta Ikastolek haurraren formakuntzan pertsona gisa dugun ardura nabarmentzen dugu. Izan ere, ikastolak haurrari eskaini behar dizkio arlo guztietan garatzeko baldintzak: hala nola, jendartearen baitan pertsona errespontsablea, sortzailea, euskalduna izan dadin, bere baitan sinesten duen pertsona, bere hautuak egiteko gaitasuna duena eta besteak errespetatuko dituena. 

2023/24 ikasturtean Hezkuntza proiektuari segida emanen zaio.