Orain dela urte batzuk…

Ortzaizeko Ikastolak 35 urte bete zituen 2021. urtean. Hastapen horretan Ortzaize eta Arrosako zazpi haurren aitamek ikastolan ezarri nahi zituzten, bainan ikastolarik ez zen, ez Ortzaizen ez Arrosan.

Andereño bat ekarraraztea erabaki zuten eta ikastola idekitzeko etxe bat xekatzen hasi ziren.

Ortzaizen, Sastrianeko familiak Elixondoa prestatu zuen, etxe xahar bat, plazan kokatzen zena. Aitamek uda pasatu zuten tronaduren arreñatzen, pareten xuritzen… Hala, ikastola prest utzi zuten haurren errezibitzeko. 1987a zen.

Lehen andereñoa etorri zen: Aña Mari. Handik laster, Elixondoa ttipiegi zela ohartu ziren eta buraso berriak heldu ziren haien haurrak ere ikastolan ezarri nahi zutela erranez.

Bertze etxe batean plantatu zuten ikastola: Laborddanian. Halere, bazterrak tinki ziren. Beraz, buraso eta laguntzaileek elgarrekin erosi zuten lurra, Antxelaneko pentzean. Ikastola berria eraiki zuten bertan. Berriz ere buraso, laguntzaile eta ofiziale, denak lanean lotu ziren: arbolak botaz teilatuko zurtadura egiteko, hargintzan ariz paretez igaiteko, tindatuz gelen apaintzeko…

1992an Ama Eskola ideki zen eta 1994an Lehen Maila. Horra Ortzaizeko Ikastola xutik!

Aipatu behar da ere ikastolaren biziarazteko eta andereñoen pagatzeko biziki zaila zela. Andereñoek uda langabezian pasatzen zuten.

Geroztik gure ikastolak egin du bide eta lanean segitzen du euskara biziarazten.