Pedagogia

Ortzaizeko Ikastolako pedagogia lau zutabe nagusitan oinarritzen da : euskara, autonomia, elkarlaguntza eta elkarbizitza.

Lehen helburua ikasleen euskalduntzea da eta horretarako tresna desberdinak baliatzen dira. Haur Hezkuntzan, erraterako, bizi kaiera baliatzen da. Ikastolako zein haur bakotxaren etxeetako ezagutza egiten da tresna horren bidez. Astean zehar irakasleek ikastolan egin aktibitateak irudiz eta testuz ezagutarazten dituzte eta ostiraletan haur batek etxera ekartzen du bere asteburua konda dezan gisa berean. Testuak euskaraz emanak dira, beraz, euskaraz ez dakiten burasoek parada ezinhobea dute euskararen ikasteko prozesuan sartzeko.

Euskalduntze prozesu horretan, Artigal metodoa erabiltzen da. Honen bidez, haurrak euskararen ekoizleak dira hartzaileak baino gehiago. Hala, haurrek euskara errepikatuz, antzeztuz, egoerak biziaraziz ikasten dute. Metodo horrekin komunikatzera bultzatzen dira.

Lehen Mailan, gelen arteko trukaketak egiten dira antzerki ttipien bitartez, esposaketen bitartez… aho adierazpena indartzeko gelako edo beste publiko baten aintzinean agertuz eta hori Haur Hezkuntzatik hasiz.

Zurkaizgo sistema bat ere plantan emana da ikastolan. Haur Hezkuntzatik bosgarren urtera arte bikoteak egiten dira, gehienetan herri berekoak, gero ere ikastolatik kanpo elgar gurutzatzen badira heien arteko harremana euskaraz egina dute. Zurkaitz handiari ardura bat emana zako euskarari dagokionez; hala, helduak ez dira erreferente bakarrak alor horretan. Horrez gain, sistema horren bidez, ttipi-handi elkarrezagutza eta elkarlana sustengatzen dira.

Elkarbizitza proiektu orokor bat ere bada gure ikastolan. Lehen Mailan filo edota beste gogoeta debateak egiten dira; bestalde, gertatu diren gora-beherak aipatzeko eta irtenbideak atxemaiteko saioak egiten dira eta epean behin Haurren Kontseilua egiten da. Hor bosgarren urtekoei emana da protagonismoa, horiek dute kontseilua kudeatzen. Heiek dituzte gaiak biltzen gelaz gela ibili ondoren, heiek emaiten dute hitza bilkuran, bada idazkari bat, gai eramaile bat… Irakasleak ez dira eremaile, beharrez parte hartzen dute haurrek bezala hitza galdeginez.